XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haur besoetakoa

Urte batzutan itxaron ondoren, azkenean, eta HORDAGOk argitaratuta, kaleratu da Haur besoetakoa liburuaren bigarren argitalpena.

Liburu hau duela urte batzutik agorturik zegoen, eta asko ta asko ari ziren liburua eske, ez bakarrik zenbait fakultate ta eskoletako ikusleak, irakurle hutsak ere horretan ari ziren; halere eta guk ulertzen ez dugun neurri batengatik orain arte ez dute plazaratu.

Kasu hau ez da bakarra, hor dago esate batetarako Ene Jesus argitaratu berria, edo oraindik berrargitaratu gabe Arantzazu, Hiru gizon bakarka, Santa Kruz apaiza, Joan eta Ane zigarro bat erretzen, Leturia-ren egunkari ezkutua... argitaratu bezain laster salduko liratekeen liburuak alegia, baina euskal irakurlegoak sutan jarri beharrean, mantso-mantso jasaten du argitaletxeen jokaera.

Gure gaurko liburura itzuliz, euskaraz idatzitako eleberririk onenetarikoa dela esan behar dugu, hori baita askok uste duguna.

Egia da hasiera barnekoa baina gogorragoa dela, gordinagoa; pertsonaiaren pentsamendu ta egoeraren deskripzioa... Theresak berehala agertu arren, ez du deusik esaten buruaz hartuko zuelakoa egin zuen arte, eta ondoren beste sei orri pasatuko ditugu pertsonaiaren pentsamenduak bueltaka dauzkagula.

Hasierako hamabost orrialdeetan laupabost esaldiz osaturiko elkarrizketak dauzkagu bakarrik.

Gogor samarra eta pesimista Zoritxarrez! irudimenaren solas bat zen hori, soilki, bai bazekien harentzat ametsa sekula ez zela egintzaren senide izanen..., etsipen sentimendu hau gureganatuko da, harik eta pertsonaia aita besoetakoa eta haur besoetakoaren arteko harremanak sendotu, aldatu, finkatu goi maila batetan; orduan, eta orduan soilik utziko dio edateari, ez du alkoholaren beharrik izanen plazerez mozkortzeko.

Piskanaka Theresa bere aita besoetakoaren bihotzaz jabetuko da, honen baitatik Isabela andregaia erabat baztertzeraino.

Neskatilaren emetasun garbia, epeltasuna, gozotasuna izango da garaile eta aitabitxia ta Isabelaren arteko harremanen hausturaren kausa.

Maitasunaren eboluzioa, liburuaren eboluzioa

Ikaragarria da liburuko bost kapituluetan ematen den eboluzioa; Theresa eta aitabitxiaren arteko maitasuna handituz joanen da etengabe, kalean aurpegia emanez, batere lotsarik gabe, baina sekretuaz inguraturik, pintatzaileak koadroaren truk beraien historia eskatzen die, ez urrerik ez antzekorik, beren arteko historia baino.

Lehen kapituluan Theresaren Isabelarekiko beldurra ageri zaigu alde batetik eta bestetik aitabitxiak egin dion lehen ikustaldia lehena ez dena, eta han jazotako ustegabe.

Bigarrenean ordea, Theresaren irakaskuntzaz lehen aipamenak dauzkagu, haren hezkuntzak aitabitxiarengan sortzen dituen arazoak eta pentsamenduak; Isabelarekin Theresa izanen zuela.

Arratsaldeko bisitan Isabela Theresarekin konparatzean higuina eta gorrotoa sentitzen du aita besoetakoak, eta azkenean borroka baten ondoren Aukera aisa dinat:... joan haiteke berehala erranen dio Isabelari ezteiak pikutara bidaliz.

Gau hartan haurraren ametsean dago aitabitxia.

Hirugarren kapituluan munduarekin haustura ematen da, bion arteko lokarriak gehiago estutuz; haurraren hezkuntzaz ahal bezain laster arduratzea erabakitzen du, eta bitarteaneskolatik kanpo ez zuen Theresitak aita besoetakoaz beste inor ikusiko.

Hilik zegoen bientzat inguruko mundua oro.

Eta gela berean elkarrekin lo egiten hasten dira; beraien kaparazoia ixten diraute, Zin egiten dautan enekin bakarrik egonen haizela beti? Erabaki zuen lehen baino lehen neurriak hartuko zituela beti berarekin, etsean egon-eraztekotz....